Euskal Eskola Publikoko murrizketen kontra antolatu diren manifestazioetan parte hartzera deitzen ditugu familiak

Larunbat honetan EAEko hiru hiriburuetan ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek antolatu dituzten manifestazioetan parte hartzeko deia egiten diegu Euskal Eskola Publikoko familiei.

Deialdi hauen helburua da ikastetxe publikoetako irakasleen lan-baldintzek jasan dituzten murrizketak salatzea. Gelako ratioak jaistea, ordezkapenak lehen egunetik egitea eta egonkortasuna aldarrikatzen dituzte besteak beste, hezkuntzaren kalitatean eragin zuzena duten eskaerak.

Murrizketa hauei azken aldian salatu ditugun beste batzuk gehitu behar zaizkie: azpiegiturak, IGE eta federazioen diru-laguntzak, eta abar. Gaur, inoiz baino ozenago, Euskal Eskola Publikoaren zentralitatea aldarrikatu nahi dugu. Ez dadila diru gehiago sare pribatura bideratu sare publikoaren beharrak betetzen ez diren bitartean.

Hauexek dira deialdiak: Donostia (17:00etan Alderdi Ederretik), Gasteiz (Ama Zuriaren Plaza, 17:00etan) eta Bilbo (Gran Via, 89 17,30etan).