Hezkuntza sailak ez du planik ikastetxe publikoen ikas-material eta digitalizaziorako

Aurten ere ikasturte amaierara iristen gara jakin gabe zein asmo dituen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak datorren ikasturterako ikastetxe publikoetako ikas-material eta digitalizazioaren inguruan.

Azken asteetan harremanetan ipini gara Hezkuntza sailarekin bi gai garrantzitsu hauei buruzko informazioa eta interlokuzioa eskatzen baina momentuz ez dugu erantzunik jaso. Hilabete eskas geratzen da ikasturtea amaitzeko eta ez ikastetxeek ezta gurasoen ordezkariek ere ez dugu informaziorik gai garrantzitsu hauei buruz.

Hori dela eta galdera hauek egin nahi dizkiogu publikoki Hezkuntza Sailari:

• Ikas-materialen programa solidarioa amaitzeko asmoarekin jarraitzen al du Hezkuntza sailak? Zein asmo ditu datorren ikasturterako eta noiz jakinaraziko dizkie ikastetxeei?

• Hezkuntza sailaren prebisioen arabera 2019-2020 ikasturterako digitalizazio prozesua amaituta izango dute ikastetxe publikoek “Sare hezkuntza” programaren bidez. Guk ditugun datuen arabera hiru deialdi egin dira jada eta 464 ikastetxetik 107 baino ez daude programan (%23). Posible ikusten al du Hezkuntza sailak datozen hiru ikasturteetan gainontzeko %75era iristea?

• Nola egin behar die aurre Hezkuntza sailak ikastetxeen ekipamendu eta konektibitate beharrei, irakasleen prestakuntzari edo material digitalen sorkuntzari? Zein aurrekontu du erronka hauei aurre egiteko?